XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ez al da nahikoa? -esan zion Georgek.

Aitak gela pintatu berria du.

Baina ez zegoen hura gelditzerik.

Handik gutxira burua eta besagainak desagertu zitzaizkion sabaian egindako zulotik, eta goraka zegien oraindik.

Georgek ziztu bizian igo zituen eskailerak, bere logelarantz: hantxe aurkitu zuen amona, zolutik gora egiten, perretxikoa bailitzan.

- Iupi! -oihukatu zuen amonak, azkenean ahotsa bereganatuz.

Iritsi nauk ba honaino!

Hallelujah!

- Lasai, amona -erantzun zion Georgek.

- Animo, Jeronimo!

Begira nola ari naizen hazten.

- Hau nire gela da.

Begira nola ari zaren uzten.

- Hori duk hori medizina!

Emaidak piska bat gehiago!

Amona seko erotuta zegoela pentsatu zuen Georgek.

- Tira, mutiko!

Emaidak beste piska bat!

Georgek esku batez flaskoari eusten zion oraindik, besteaz goilareari.

Beno, pentsatu zuen, zergatik ez?

Bigarren dosia prestatu eta ahoan sartu zion.